XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nori ordea eskatu laguntza?

Hortxe zegoen koska, giltza eta maratila.

Beldur handia zion lotsagarri, barregarri eta iraingarri geratzeari.

Izanez ere, non ikusi da jainko bat, denik eta jainkoena, berak sorturiko izakiren batzuei laguntza eskean.

Baina amore ematea beste biderik ez zitzaion geratzen, asper-asper eginda amaitzerik nahi ez bazuen; edo okerrago oraindik, erotuta amaitzeko arriskua zuen.

Seko erotuta.

Eta non ikusi da jainko bat, denik eta jainkoena, eromenak jota?

Halako batean, urarekin topo egin zuen, ura mendian behera zihoala eta Jainkoa mendian gora, askotan esana baita mendia ez badator Jainkoarengana, onena mendira joatea izango duela Jainkoak, nekatuta badago ere.

Hasi ziren elkarrekin hitz egiten eta Jainkoak urari bere laguntza behar zuela esan zion, animalia berri bat sortzeko, denen artean ederrena.

Egun hartan presaka zebilelako ez zion ezer erantzun urak, baina hurrengo goizean, beranduen jota, bisita egingo ziola agindu zion Jainkoari.

Biharamunean, goizeko hamarrak aldera, gutxi gora-behera, han zegoen ura Jainkoaren urrezko jauregian.

Lorategitik sartu zen eta, bide batez, ureztatuta utzi zituen hango sagarrondoak, madariondoak eta gereziak, batez ere gerezi anpuloiak.

Zain zuen Jainkoa intxaur-besaulki batera eserita (esana dugu nekatuta zegoela), oinutsik, noski.

Elkar agurtu eta hitz egiten hasi ziren:

-Agur Jauna esan zuen urak.

- Bart gauean bueltak eta bueltak eman dizkiot zuk atzo esandako hitzei eta ez dut uste erraza izango denik zuk eskatutakoa.

- Ibaiak eta itsasoak, aintzirak eta latsak (...)